ALDUNDIAK ETXEAN HONDAKINAK BIRZIKLATZEKO ONTZIAK BANATU DIZKIO BIZKAIKO FAMILIEN %40RI
Osteguna, 2009(e)ko Martxoaren 19a
Herritarrek erantzun bikaina eman diote Bizkaiko Foru Aldundiari erabilera
bikoitzeko 3 poltsako paketea banatzeko abiarazi duen kanpainan. Hala, etxeetan
erraztu nahi da kristalak, ontziak eta papera bereizi eta biltzea. Ingurumen
Sailean 99.417 eskaera jaso dira, Bizkaiko etxeetako postontzietara bidali den
eskaera-kupoia birbidalita.
Beraz, erantzunak gainditu egin ditu aurrez egindako kalkulu guztiak; hori
dela-eta, erabilera bikoitzeko hiru poltsako paketeak egin ahala erantzungo zaio
jendeari. Lehenago, 2007ko martxoan, antzeko kanpaina bat egin zen; hartan,
63.480 etxetan eskatu ziren erabilera anitzeko ontziak. Oraingoan, 172.104 etxek
izango dute birziklatzeko paketea, hau da, Bizkaiko familien % 40tik gora izango
da horren jabe.
Ontzi horien erabilera sustatzeko kanpaina luzatuta, Bizkai osoari eskaini zaio
aukera erabilera bikoitzeko pakete hau lortzeko. Erabilera bikoitzekoa da,
hondakinak bereizteko eta erosketak egiteko erabil daitekeelako; izan ere,
poltsa hauek erabilita ez ditugu dendetako plastikozko poltsak behar. Beraz, era
horretan herritarrak kontzientziatuago egongo dira eta aintzat hartuko dituzte
beren esku dauden bi ingurumen-faktore hauek: etxeko hondakinak bereizi,
murriztu eta birziklatu beharra, eta behin eta berriro erabil daitezkeen poltsen
erabilera (hala ez baita plastikozko erabilera alperrekoa egingo).