KONPOSTAJEA ETA TRATAMENDU MEKANIKO-BIOLOGIKOA EGITEN DUTEN PLANTEN AURKEZPENA.- Konpostaje-plantaren eta tratamendu mekaniko-biologikoaren plantaren proiektuak
eta Ortuellan ireki berri den Berziklatu instalazioa Bizkaiko Hiri Hondakin
Solidoak Kudeatzeko II. Plan Integrala 2004-2016 delakoan sartzen dira. Plan
integral hori 2005eko abenduan onetsi zen Batzar Nagusien osoko bilkuran, talde
politikoen adostasun handiarekin.
Astelehena, 2008(e)ko Martxoaren 3a
Planaren helburua da hiri hondakinen kudeaketaren bidez herritarrei kalitatezko
zerbitzua ematea, Bizkaiko Lurralde Historiko osoan kostua ahalik eta
homogeneoena mantenduz eta ingurumena ahalik eta gehien babestuz. Era berean,
indarreko araudian ezarritakoak eta garapen iraunkorrerako printzipioak bete
nahi dira.
Plan integralak Bizkaiko hiri hondakinen kudeaketa integratua egiteko
alternatibak eskaintzen ditu eta, horretarako, helburuak lurralde osoan betetzen
direla bermatzeko jarduketa-proposamenak ematen ditu.
Plan integralaren 2016. urterako helburu estrategiko nagusienak honakoak dira:
lehen mailako hondakinik edo hondakin gordinik bat ere ez isurtzea, hondakinen
balorizazio materiala eta birziklatzearen sustapena. Sortzen den zaborraren bi
heren birziklatu eta horiekin konposta egingo da. Gainerakoak energia sortzeko
erabil daitezen bultzatzen du planak.
KONPOSTAJE-PLANTARI ESKER HONDAKIN ORGANIKOEN %15 APROBETXATUKO DA 2016 BAINO LEHEN
Artigasko (Bilbo) konpostaje-planta hondakinak kudeatzeko estrategia orokor
baten barruan sartzen da. Bizkaiko inausketa eta lorezaintzan geratzen diren
hondakin organikoak tratatuko ditu, baita merkataritza azalerak bezalako
hondakin ekoizle handienetakoak ere. Plantako konposta lorezaintza eta
nekazaritzarako erabiliko da.
Bizkaiko Foru Aldundiaren Ingurumen Sailak Artigasko konpostaje-planta eraiki
eta ustiatzeko proiektua aurkeztu du Batzar Nagusietan, Bizkaiko Hiri Hondakinak
Kudeatzeko Plan Integrala 2004-2016 delakoan jasotzen diren udal hondakinen zati
organikoei dagokienez dauden beharrizanei erantzuteko asmoarekin.
Planta horren eta lurraldeko eskualde ezberdinetan egingo diren hori baino
txikiagoen bidez, 2016. urterako helburu bezala ezarri da Bizkaian sortzen diren
lehen mailako hondakinen %4 konpost bihurtzea (32.463 eta 36.277 tona artean,
urtean).
Planta Artigasko hiri hondakinen hondakindegi kontrolatuan egingo da, tarteko
plataforman eta energia aprobetxatzeko BioArtigas plantatik hurbil. Lautada
horretan, hiri hondakin solidoen duela 20 urteko biltegiak daude (gaur egun
itxita) eta sortutako lixibiatuak nahiz biogasa biltzen dira.
Hondakinak tratatzeko sistema ezberdinak jarriko dira inguru horretan. Horrela,
Bizkaiko hondakin ezberdinak tratatzeko gunea egingo da: EKOPARKEA.
14.000 m2-ko planta
Konpostaje-plantak 14.000 m2-ko azalera izango du, prozesurako aldeak eta bideak
barne. Prozesuaren lehenengo fasea kanpoaldean egingo da eta bigarren fasea,
konposta lortzekoa, estalita dagoen toki batean.
Lehenengo lau urteetan, plantak urtean 10.000 - 15.000 tona tratatu ahal izango
ditu. Tratatuko diren hondakin motei dagokienez ere bi fase bereizi behar dira
gainera. Lehenengo fasean hondakin berdeak tratatuko dira, inausketa eta
lorezaintzatik atera, ekoizle handiek sortu eta gaika bildutakoak. Bigarren
fasean, aurrekoez gainera, ekoizle handiek (erriberako merkatua, MerkaBilbao,
etab.) sortzen dituzten eta gaika biltzen diren biohondakinak tratatuko dira.
Aurreikuspenen arabera, konpostaje-prozesuan hurrengo kopuruak tratatuko dira:
9.655 tm inausketa eta lorezaintzan eta 5.785 tm biohondakinetan.
Plantan makina mugikorrak izango dira lanerako: xehamakina, iraultzeko makina
eta bahea. Langileei dagokienez, bost pertsonak lan egingo dute plantan:
plantako buru 1, mekanikari 1 eta xehamakinarako 3 behargin.
Konposta lau hilabetetan
Plantara heltzen diren kamioiak erregistratu egiten dira, datuen kontrola
osatzeko. Instalazioko langileen jarraibideen arabera, kamioiek harrera-habearte
barruan horretarako prestatuko diren tokietan utziko dituzte hondakin berdeak
eta biohondakinak. Pala batekin materiala deskonprimitu eta berrikusi egingo da.
Harrera-habeartean bertan kenduko dira jasotako materialetik desegokiak direnak.
Material desegoki horiek gero behar bezala kudeatzeko tokian jarrita egongo
diren edukiontzietan utziko dira.
Biohondakinak kudeatzeko, plantan onartuko diren hondakinen kalitatea
erregulatzeko irizpideen katalogo bat egingo da.
Palatik xehamakina mugikorrera eramango dira hondakinak, eta hor txikitu egingo
dira nahi den tamainarekin geratu arte. Hondakinak txikitzean materialen azalera
asko handitzen da eta, horrela, geroko konpostaje-prozesua errazten da.
Hondakinak xehamakinak ateratzen direnean, bereizgailu magnetiko batek
materialean egon daitezkeen osagai magnetikoak erakartzen ditu.
Konpost bihurtzeko hondakinek ontze-prozedura egokia izateko behar den nahastean
%75 egitura-materiala izan behar da (hondakin berdeak) eta %25 gehienez
biohondakinak. Biohondakinak egunean bertan tratatu behar dira eta materiala
hartzen den gunea egunero garbituko da.
Txikitu eta nahastu den materiala, pala batekin, prozesuen habeartean utziko da
goranzko zama batean. Astean zama oso bat egingo da, nahaste-ehuneko
egokiarekin. Zama eginda dagoenean ura botako zaio hezetasun-maila egokian
mantentzeko. Deskonposizioa eta konbertsioa eragiten duten bakterioek ur eta
oxigeno nahikoa behar dute.
Geruzatan jarri den txikitutako materiala berehala konpostatuko da eta zamaren
tenperatura igo egingo da. Osagai organikoak usteltzen hasten dira. Palarekin
hilean behin irauliko da zama, eta konpostaje-prozesu osoan hiru aldiz.
Iraulketa horiei esker materiala ez da trinkotzen, berriz nahasten da arnasa
hartzeko hutsune berriak sortuta. Gainera, prozesuan zehar galdu den hezetasuna
modu kontrolatuan ura botata lortzen da berriz. Prozesuan honako ontzeko
parametro hauek betetzen dira: produktuaren tenperatura eta hezetasuna.
Lau hilabetez egongo da materiala ontzen; ondoren, zama tratamendurako azaleran
“zabalduko” da eta kolore iluna izango du.
Konpostaje-prozesua amaitzen denean, pala zamaketariarekin bahetzeko prest
dagoen materiala bahetzeko instalazio mugikorrera eramango da. Hemen bi tamaina
bereiziko dira eta konposta (amaitutako produktua) kalitate ezberdinak kontuan
izanda geroko erabileretarako prestatu den habearte batean utziko da.
Konposta, kalitatezko ongarria
Kalitatezkoa den azken produktua hurrengoetan aplikatu eta merkaturatuko da:
mota ezberdinetako sailak eta berotegiak, lorezaintzarako eremuak eta paisaia
zaintzeko eremuak eta ardogintzarako sailak.
Konpostak nekazaritzako oinarrizko ongarrien %8 ordezka dezake. Horrela,
baliabide berriztaezinak zaintzen dira eta, bereziki, gero eta gutxiago dauden
fosfatodun ongarrien erreserbak; bestalde, ongarri mineralak ekoiztean sortzen
diren berotegi-gasak modu iraunkorrean gutxitzen dira. Gainera, konpostari esker
lurzoruen substantzia organikoa etengabe gehitzen da.
Aurreikuspenen arabera, datozen urteetan konpostaren eskaria asko gehituko da;
nahiz eta sarri ez den edukitzen behar diren lur kalitateen (landare lurra)
kopuru nahikoa. Konposta lurzoruaren goiko geruzen kalitatea hobetzeko aukera
ona da. Horretarako, mantenugai gutxiko eta ia egiturarik gabeko lur masak
konpostarekin nahasi behar dira.
Alemanian 90. hamarkadaren hasieran egindako proba batzuen bidez egiaztatu zen
konposta 50 cm-ra arteko sakoneretan ere ondo erabil daitekeela. Lurzoruaren
goiko geruzaren egitura hobetzen du, sakonera gutxiko sustraiak dituzten
landareei on eginez, eta epe luzera berotegietako metano igorpenak murrizten
laguntzen du.
TRATAMENDU MEKANIKO-BIOLOGIKORAKO PLANTAN 180.000 TONA HONDAKIN TRATATUKO DIRA URTEAN
Estatu mailan aurrendaria den planta hau egiteko 29,5 milioi euroko inbertsioa
egin behar da. Honi esker, Bizkaian ez dira lehen mailako hondakinak isuriko.
Ingurumen Sailak tratamendu mekaniko-biologikorako plantaren proiektua aurkeztu
du. Planta Arraiz mendiaren inguruan kokatuko da, Bilboko “Cantera Primitiva”
izeneko aldean, Zabalgarbitik metro gutxira. Guztira 21.000 metro karratuko
azalera urbanizatu eta eraikiko da; horietatik 13.000 metro karratu
eraikuntzetarako izango da eta 8.000 metro karratu bideetarako.
Proiektua burutzeko 29.500.000 euroko inbertsioa egingo da. Planta egiteko gutxi
gorabehera 8.200.000 euroko inbertsioa egin beharko da prozesu mekanikoan,
16.500.000 eurokoa prozesu biologikoan eta 4.800.000 milioi eurokoa
eraikuntzetan. Urte eta erdi inguru behar izango da planta amaitzeko.
Teknologia modernoa
Tratamendu mekaniko-biologikoa (TMB) hiri hondakin solidoei aurretratamendua
emateko eta horiek modu berezian erabiltzeko teknologia modernoa da. Prozesu
honetan sartzen dira hondakinen sailkapena, tratamendu mekanikoa eta hondakin
organikoen tratamendu biologikoa. Helburu nagusia hondakinak geldotzea da, hau
da, atmosferara (biogasa) eta lurzorura (lixibiatuak) egindako kutsadurak
ezabatzea.
Diseinatu den tratamendu mekaniko-biologikorako plantak 180.000 tona tratatu
ahal izango ditu urtean. Tratamendu mekanikoak 60.000 tona tratatuko ditu 8
orduko txandan. Hondakinak bi fasetan onduko dira: lehenengo fasean 8 erreaktore
erabiliko dira 90.000 tona tratatzeko.
Materiala bereizteko prozesu mekanikoa
Planta honetan egingo den prozesuak lau atal izango ditu: hondakinak hartzea,
tratamendu mekanikoa, lehortzea edo ontzea eta geldoak bereiztea.
Ziklo osoak sei eta hamar egun bitartean irauten du. Zaborrak jasotzen direnean,
hondakinak irauli eta gorde egiten dira; gero, pala duen ibilgailu batek
biltegira eramaten du eta hemen egiten da ikusizko lehenengo kontrola eta
desegokiak kentzeko banaketa.
Balorizatu ahal diren eta desegokiak diren materialak bereizi ostean materiala
tratatu egiten da eta lehortu eta ontzeko moduan uzten da. Tratamendu mekanikoan
zehar, materiala uhal garraiatzaile baten bidez mugitzen da eta bertan
tamainaren araberako sailkapena egiten zaie.
Fase mekanikoan, lehenengo iragazkiak tromel itxura dauka: tamaina ezberdineko
zuloak dituzten zilindroak, txikitik handira doazen milimetroen araberako
sailkapena egiten dutenak.
Tratamendu mekanikoan egiten da materialen bigarren sailkapena; infragorrien
bidez material plastikoa bereizten da eta irakurgailu optiko baten bidez
materialak dentsitatearen eta kolorearen arabera bereizten dira. Hondakin
plastikoak haize-kolpeen bidez bereizten dira, alde jakin batera eramanez. Era
berean, imanen bidez burdinazko materialak beste guztiengatik bereizten dira.
Ondoren, eskuz egiten da azken sailkapena.
Biohondakina geldo bihurtzeko prozesu biologikoa
Lehortzea edo ondotzea hormigoizko tuneletan egiten da. Materialak 6 eta 10 egun
bitartean egoten dira erreaktore batzuetan, horien osagaiak lehortu eta
degradatzeko. Katearen amaieran, zaborra lur mugikorra eta saretxoa dituen tunel
batera eramaten da eta bertan airea sartzen da. Horrela, biohondakinaren
geldotze- edo hartzitze-prozesua bizkortu egiten da, bere bolumenaren %20
galduz.
Tratamendu biologikoak badu bigarren abantaila bat ere: hezetasuna kentzean
berotzeko ahalmena areagotu egiten da. Gainera, lixibiatuak bezalako substantzia
kutsatzaileak ezabatu egiten dira. Gutxi gorabehera astebete igaro ondoren,
tratatu diren hondakinak erraustegira eramaten dira horien balio energetikoa
aprobetxatzeko. Horrela, gainera, ez da bigarren mailako hondakinik isuriko.